XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II IRAKURGAIA Leon Aundi Aita Santuaren itzalditik, zoriontasunari buruz

Zalantzarik gabe esan genezake beartsuek aberatsek baiño errexago lortu dezaketela apaltasuna.

Izan ere, beartsuek beren xalotasunean gogozko dute apaltasuna; aberatsek, berriz, beren ondasunetan errez jotzen dute arrokeriara.

Alaere, aberats geienetan bada griña bat, beren ondasunaz arrotzera ez baiña, egite onetara egiten diena, urkoaren nekeak eta bearrak arintzean irabazi aundia dagoela uste izanez.

Edozein ari eta maillako gizonek izan dezakete orrelako griña, gogoz berdiñak izan ditezkeelako, naiz ontasunez desberdiñak izan; ez dio ajolik lurreko ondasunez berdiñak ez izateak, goi-ondasunez berdiñak izan ezkero; zorionekoa, beraz, lurreko gauzen goseak menperatu ez duen txirotasuna, eta munduko ondasunak ez baiña zerukoak pillatu nai dituena.

Kristoren ondoren apostoluek eman ziguten aurrena beartsu izate bikaiñ onen jarrai-bidea; auek, zituztenak utzita, Maixuari jarrai ziotenean, Onek arrantzaletik giza-arrantzale biurtu zituen.

Eta besteak siñismen berberara ekarriaz, beren antzeko egin zituzten, leen kristau aiek biotz bat eta anima batekoak bait-ziren.

Aiek beren ondasunak guztien artean banatu ondoren, beartsu izanez betiko ondasunetan aberasten ziren, eta beren itzaldietan beren poza azaltzen zuten guztia Kristogan zutelako eta mundua ezer ez.

Orrela, Pedro Apostolu doatsuak, jauretxera igotzen zijoala, limosna eskatu zion errenari erantzun zion: Ez dut ez urrerik eta ez zillarrik, baiña dutana emango dizut: Jesukristo Nazaret-koaren izenean jaiki eta zabiltza.

Bai aal da umiltasun au baiño gauza ederragorik? Txirotasun au baiño gauza aberatsagorik?.

Ez dauka diruaren itzalik, bai, ordea, zuzentasunaren berezko doaia.

Amak sabelean oker sortu zuena, Pedrok bere mintzoaz zuzendu zuen; eta Zesar-en iduria txanponean ezin eman zionari, Kristoren iduria gizonean lengoratu zion.